Saturday, October 24, 2009

Eroango zindukedaz

Eroango zindukedaz nigaz eskutik helduta gero gorputzetik heltzeko.
Eroango zindukedaz txoko batera zuk niri heltzeko. Eta ez askatzeko.
Eroango zindukedaz eroen moduan ibilitzeko, sexuaren izerditan blai, plazerrean dzanga.

Baina benetan biok pozik bizitzeko eroango zindukedaz

Friday, October 16, 2009

Bai ala ez?

Neguaren besarkadak nabaritzen hasten garenean, ingurukoenak behar ditugu. Argiak ilunari lekua egiten dionean hitz argitsuak behar ditugu. Nekatuta gaudenean atseden hartu, triste gaudenean barre egiteko astia hartu, lanpetuta gaudenean libre sentitu...
'Garenean', 'ditugunean', 'gaudenean'... pluralean hitz egiteko moduak estali nahi du norbanakoaren izatea; haatik, idatz dezadan 'nitaz' eta 'niregandik', hitzak nireak baitira eta pentsamenduak ere bai.
Bizitzak baditu erabakiak hartu beharreko uneak; batzuk bizitzako erabakiak dira baina beste batzuk arian-arian hartu beharrekoak. Itsasontzia Australiara eraman dezaket baina bideak anitz dira. Eta niri etorri zait horrelako une bat; bidean gelditu eta erabakiak hartzen hastekoa. Badakit zer nahi dudan, edo hori uste dut, zer, noiz, non eta norekin...
Eta aurten gerran hasi naiz; eta ez da gerra makala, lau frente inguru zabalik, astero soldaduak bidaltzea eskatzen dutenak. Uler ezazu soldadu esatean indarra esan nahi dela. Gudu edo borroka bakoitzak astebete irauten du eta hasieran dauden milaka soldaduetatik azkenera gutxik irauten dute, baina irauten dute. Oraingoz behintzat...
Gaur, ostirala izanik, nekeak bete nau barrutik eta kanpotik (nire begizuloak horren adierazle). Eta bizi-iraupenaren mugan, atseden gabe borrokan egin duen soldaduak bezala, galdetzen diot neure buruari ea borroka honek merezi duen, ea borroka hau irabaziko dudan, ea su-goritan berotutako globoak bezala lehertuko ez naizen... eta erantzunak datozkit burura bularrera orratzak bezala edo begietara hautsa bezala.
Honela jarraituz gero ez da posible... nire amonak esaten du: " arin eta ondo usoak hegan" eta nik gehituko nuke "asko eta ondo albatrosak hegan".
Zeozer bazterrean utzi beharko da, ostiralera bizi-poza ekartzeko. Asko kostako zait baina neure onerako...
Dena dela, ez dut orain erabakirik hartu nahi, gutxiago pentsamendu negatiboak dabiltzanean akelarrean. Almohadari galdetuko diot ea irabaziko dudan borroka ekainera arte; nordikoari galdetuko diot ea benetan merezi duen gerran jardutea.
Eta zuri eskatuko dizut besarkatzeko.