Monday, November 9, 2009

bi

Almendrak, liliak eta esmeraldak ezkondu ziren arratsalde batean eta zure begiak sortu ziren. Mundura begiratzeko, aurrera joateko eta... dantzatzeko.
Bi begi, bi nini eta bi bizi, nireak lokartzeko eta lock-atzeko zuri begira

Monday, November 2, 2009

Neurririk ez duten bertsoak

Gaur gaueko inspirazioa
kopletan behar dut jarri,
eta ez begiratu neurriari,
ez baitu eta betetzen sarri.

Astegun buruzurietan ni
ametsetan naiz egarri,
neure uren goxotasunera
nahi baitzaitut ekarri,
zuk laztanak ekarri,
nik beste batzuk zuri,
ilargia non ezkutatzen den
erakutsiaz elkarri.

Dantzarik dantza izarapeko
bi ur zipristin dantzan,
batek besteari tiratu eta
besteak beso guztia eman.
Bi baten faltan
hirutan eta lautan,
problemak desagertzen diren
utopiaren plazan.
Eta utopiak, amaigabean,
betiko iraun dezan.
Maite ditut, maite,
zure bazterrak,
lanbroak ezkutatzen dizkidanean.

Maite ditut, maite,
zure bazterrak,
izarak ezkutatzen dizkidanean.

Zer ezkutatzen uzten
ez didanean ikusten uzten...
orduan hasten bainaiz
zure barneko txoko miresgarriak ikusten.

Mikel Laboaren abestian oinarrituta

Saturday, October 24, 2009

Eroango zindukedaz

Eroango zindukedaz nigaz eskutik helduta gero gorputzetik heltzeko.
Eroango zindukedaz txoko batera zuk niri heltzeko. Eta ez askatzeko.
Eroango zindukedaz eroen moduan ibilitzeko, sexuaren izerditan blai, plazerrean dzanga.

Baina benetan biok pozik bizitzeko eroango zindukedaz

Friday, October 16, 2009

Bai ala ez?

Neguaren besarkadak nabaritzen hasten garenean, ingurukoenak behar ditugu. Argiak ilunari lekua egiten dionean hitz argitsuak behar ditugu. Nekatuta gaudenean atseden hartu, triste gaudenean barre egiteko astia hartu, lanpetuta gaudenean libre sentitu...
'Garenean', 'ditugunean', 'gaudenean'... pluralean hitz egiteko moduak estali nahi du norbanakoaren izatea; haatik, idatz dezadan 'nitaz' eta 'niregandik', hitzak nireak baitira eta pentsamenduak ere bai.
Bizitzak baditu erabakiak hartu beharreko uneak; batzuk bizitzako erabakiak dira baina beste batzuk arian-arian hartu beharrekoak. Itsasontzia Australiara eraman dezaket baina bideak anitz dira. Eta niri etorri zait horrelako une bat; bidean gelditu eta erabakiak hartzen hastekoa. Badakit zer nahi dudan, edo hori uste dut, zer, noiz, non eta norekin...
Eta aurten gerran hasi naiz; eta ez da gerra makala, lau frente inguru zabalik, astero soldaduak bidaltzea eskatzen dutenak. Uler ezazu soldadu esatean indarra esan nahi dela. Gudu edo borroka bakoitzak astebete irauten du eta hasieran dauden milaka soldaduetatik azkenera gutxik irauten dute, baina irauten dute. Oraingoz behintzat...
Gaur, ostirala izanik, nekeak bete nau barrutik eta kanpotik (nire begizuloak horren adierazle). Eta bizi-iraupenaren mugan, atseden gabe borrokan egin duen soldaduak bezala, galdetzen diot neure buruari ea borroka honek merezi duen, ea borroka hau irabaziko dudan, ea su-goritan berotutako globoak bezala lehertuko ez naizen... eta erantzunak datozkit burura bularrera orratzak bezala edo begietara hautsa bezala.
Honela jarraituz gero ez da posible... nire amonak esaten du: " arin eta ondo usoak hegan" eta nik gehituko nuke "asko eta ondo albatrosak hegan".
Zeozer bazterrean utzi beharko da, ostiralera bizi-poza ekartzeko. Asko kostako zait baina neure onerako...
Dena dela, ez dut orain erabakirik hartu nahi, gutxiago pentsamendu negatiboak dabiltzanean akelarrean. Almohadari galdetuko diot ea irabaziko dudan borroka ekainera arte; nordikoari galdetuko diot ea benetan merezi duen gerran jardutea.
Eta zuri eskatuko dizut besarkatzeko.